XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Heure kasuan ere, adiskideek lerdo eta tenteltzat jotzen haute, baina hi ez haiz ez lerdoa ez tentela.

Frogatzea besterik ez zaik falta.

Baina frogatzeko ahaleginak egin behar dituk, ez dik balio amets ederrak egin eta errealitateari ihes egiteak.

Eta ez dik balio ere egun bete t`erdiz Capitan Trueno bezain kementsua izateak.

Patxik errespetuz begiratu zion.

Nola arraiotan zekien ba aititek Amaiak eman zion edateko haren berri?.

Gau hartan ez zuen begirik lotu.

Jira-biraka ari zitzaizkion buruan aitite Juanillok esandakoak.

Goizean goiz jaiki zen, eta ahalik lasterren, mendira abiatu zen.

Ederto ulertzen zuen aititeren lezioa, baina Amaia eta lagunak agurtu beharra zeukan.

Batek zekien bestela noiz ikusiko zituen berriro eta.

Ordu laurden batean helduko zen tokira.

Ordu laurden batean aise heldu ere, baina han ez zegoen zuhaitzak eta belarra besterik.

Inguruetara begiratu zuen, ez zedin gerta toki okerrean egotea, baina ez, huraxe zen, ziur zegoen.

Amaia, Arsenio, Itzala, Erretratua, denak zeuden joanda, beharbada betirako.

Txundituta, harkaitz batean jezarri zen, zer egin ezean.

Nahi gabe, negarrez hasi zen.

Agian, askoz hobe izango zen horrela.

Baina zergatik ez zioten ba esan hain laster joan behar zutela? Berak ondo ulertuko zuen.

Baina ez, segur aski ez zuen ulertuko, triste jarriko zen hura jakinez gero.